Nafarroa Baik D ereduaren aurrean legebiltzarreko taldeek hartu duten jarrera kritikatu du
(2010/Maiatza/7)
   
 

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko Nafarroa Baiko ordezkariak diren María Luisa Mangado, Paula Kasares eta Nekane Perezek  prentsaurreko bat eman dute D ereduaren aurrean UPNren, PSNren eta NEBren jarrera salatzeko. Nafarroa Baiko parlamentariek azaldu dutenez,egunontan Euskararen Foru Legearen aplikazioaren gaineko merkatukeria lotsagarria ikusi dugu Legebiltzarreko taldeetan”.


Joan den astean, Parlamentuaren Osoko Bilkuran Nafarroa Baik aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zen. Mozio horrek bi puntu zituen. Lehenak honako hau proposatzen zuen: Nafarroako Parlamentuak haurren ikasteredua hautatzeko guraso edo tutoreek duten eskubidea bermatzeko borondatea aitortzea. Bigarrenak honako hau: Nafarroako Gobernua premiatzea Nafarroa osoan D eredua bermatzeko ekimenak burutu ditzala eta beharrezko baliabide guztiak para ditzala.


 


Kasaresek esan duenez “mozio horrek bilatzen zuena zen familiek seme-alabak eskolatzeko hizkuntza eredua hautatzeko eskubidea bermatzea. Eta zergatik planteatu du hori Nafarroa Baik? D eredua baita Nafarroan askatasunez hauta ezin daitekeen ikasteredua. Ezin da hautatu ingelesezko ikasteredua bezala.”


 


Nafarroa Baiko parlamentariak defendatu duenez, “Nafarroako Gobernuak ingelesezko hizkuntza eredua eskaeraren arabera eskaintzeko asmoa du. Baina egun Nafarroako hainbat familia penalizaturik dago beren seme-alabak eskolatzeko orduan euskara, Nafarroako hizkuntza berekietako bat, hautatu izateagatik.”


 


Kasaresek kritikatu duenez, “D eredua hautatzeko eskubidea Nafarroako familia guztiek izan dezaten proposamenen aurrean UPNren itxikeria ez da aldatu; PSNk bere jarrera aldatu izan du, udalen eskaerari kasu egitea defendatzetik udalen eskaerari entzungor egitera; NEBk jarrera epel eta koherentziarik gabea erakutsi du. Hori da Nafarroa Baik salatu nahi duena, legebiltzarreko alderdien jokamolde aldakorra, arduragabea eta nafarren berdintasunaren kontrakoa.”


Beste aldetik, Koalizioak haurtzaindegiei buruzko mozio bat aurkeztuko du. Mozio horrek 3 puntu ditu: lehenak, Gizarte aferen menpe dauden haurtzaindegien izena aldatzeari dagokio, 28/2007 Foru Dekretuak ezarritako bete eta haur eskolak izena izatera pasa daitezela. Bigarren puntuak haur eskola horien helburu hezitzailea kontuan hartuta, Hezkuntza departamentuari atxiki dakizkiola. Hirugarrenak, heldu den urteko aurrekontuetan diru sail aski hornitua izan dezatela.