Nafarroa Baik salatu du Barcina iruzur egiten ari dela euskara ezagutza beharrezkoa duten administrari lanpostuekin
(2010/Apirila/12)
   
 

Aritz Romeo Iruñeko Nafarroa Baiko zinegotziak gaur goizean salatu duenez, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea “iruzur egiten ari da euskara ezagutza beharrezkoa duten administrari lanpostuekin”.



Nafarroa Baiko zinegotziak gogoratu du gertaera bera salatu zuela koalizioak, Udalbatzan plantilaren inguruko eztabaida sortu zenean. “Yolanda Barcina eta bere gobernu taldea ikaragarrizko iruzurra egiten ari dira. Administrari Ofizial lanpostu batzuk izaera elebiduna dute, hau da, euskara ere derrigorrean jakin behar dute; herritarrei zuzeneko zerbitzua ematera bideratutako lanpostuak dira. Hala ere, bere garaian prozedura hertsia erabili zuten funtzionarioen artean lanpostu horiek erabakitzeko, baina funtzionario horiek ez ziren ezinbestean euskaldunak”.


 


Aritz Romeok azaldu duenez, “arazoa sortzen da funtzionario horiek erretiroa hartzen dutenean edo beste lanpostu batera joan nahi dutenean, eta beren lanpostu hori hutsik gelditzen denean. Lanpostu hori kalera atera eta euskalduna den pertsona batekin bete beharrean, barruan, funtzionarioen artean, egiten da aukeraketa; horrenbestez, lanpostu horiek ez dira inoiz langile euskaldunekin beteko. Hori herritarrei iruzur egitea da, denon eskubidea delako zerbitzu hori euskaraz jakin ahal izatea”.


 


Nafarroa Baiko zinegotziak ohartarazi duenez, “hurrengo ostiraleko udalbatzan, administrari ofizial lanpostu batzuen amortizazioa proposatu behar du UPNk, eta horien arteko bi gutxienez euskara derrigorrean jakin behar duten lanpostuak dira: herritarren parte hartzerakoa bat eta bestea gizarte ongizatekoa”.


 


“Herritarren Arretarako Zerbitzua euskaraz eskaintzea herritarrok daukagun eskubidea da, eta Udal honen betebeharra da behar diren bitartekoak jartzea eskubide hori gauzatua izan dadin. Barcina eskubide hori lapurtzen ari zaie herritarrei”, azpimarratu du Romeok.


 

Nafarroa Baiko zinegotziak salatu du espedientea txosten juridiko gabe eta negoziazio mahaiaren akta gabe aurkeztua izan dela batzordean, eta bi dokumentuok espedientean sartzea eskatu duela koalizioak.