Nafarroa Baik eskatu du Urrobiko industrialdea handitzea eta aurrerantzean Gobernuak kudeatzea
(2010/Apirila/7)
   
 

Nafarroa Bai talde parlamentarioak mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, eta bertan gobernuari eskatzen zaio behar diren neurriak har ditzala Urrobiko industrialdea handitzeko eta urbanizatzeko lanak egin ditzan, eta, era berean, industrialde horren kudeaketa hemendik aurrera Nasuinsak egin dezan.



Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak gaur goizean adierazi duenez, “Erro, Aezkoa eta Burguete inguruek industria eta zerbitzu lurzorua izateko duten aukera bakarra da. Azken urteotan eskatzen ari dira industrialde horrek eskualde izaera izatea eta gobernuak kudeatua izatea, Nasuinsaren bidez. Egun, tokiko izaera dauka, eta tokiko erakundeek baliabide eta kudeaketa gaitasun txikiagoa dutenez, bere garapena baldintzatua dago beti”.

Koalizioko parlamentariak azpimarratu duenez, “gaur egungo egoeran, aldarrikapen horrek oraindik eta arrazoi handiagoak dauzka”. Txentxo Jimenezek ohartarazi duenez, “industrialde hori handitzeko premia dago, izan ere, lurzoru berriak erosteko arazoak dituzte jabeek, Espinaleko Kontseilua trabak jartzen ari delako”.