Nafarroa Baik eskatu du Burlatan Arga ibaiaren ertzean egiten ari diren obrak berehala gelditzeko
(2009/Martxoa/18)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko bozeramaileak galdera bat sartu du bilkura nagusiko erregistroan, Herri Lanetako kontseilari Laura Albak hurrengo ostegunean erantzun dezan. Galderak Burlata parean Arga ibaiaren ertzean egiten ari diren obrei buruzkoa da, eta horien bitartez lortu nahi da aspaldian gertatzen ari diren uholdeekin amaitzea.



Jimenezek ohartarazi duenez, “Burlada parean Arga ibaiaren eskuineko ertzean gertatzen diren uholdeak arintzeko asmoarekin, Ebroko Ur Konfederazioak lanak hasi zituen orain aste batzuk Areta eta Beloso zubien artean, ur parkearen lurretan, Nogalera parke guztia kontuan hartuta”.

Koalizioko bozeramailearen ustean, “aukeratutako konponbide teknikoa, eta gardentasun eta informazio faltaren anakronismoak behartzen gaitu egoera salatzera; izan ere, eskualde guztiaren ur, pasaia, kirol eta aisialdi gune bati erasaten dio”.

Uholdeetan urak hartzen dituen orubeetan lanak egitea eta urari oztopoak jartzean ondorio larriak ditu uholdeak normalak direnean eta oso larriak uholdeak oso handiak direnean. Ibaian behera dauden lur-eremuek, kasu honetan Iruñea, uholde larriagoak pairatuko dituzte.

Egiten ari diren obrak aldez aurretik behar bezalako hausnarketarik egin gabe eta dagoen arriskua ondo neurtu gabe hasi direla esan du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren baimena badute erantzukizuna oraindik eta handiagoa, berez obren ardura Ebroko Ur Konfederazioarena bada ere, Nafarroako Gobernuari dagokio egin beharreko obrak benetako premiei erantzutea edota egiten diren lanek egun dauden arriskuak baino handiagoak ez eragitea.