Nafarroa Bairen ustez, Salanuevak tokiko azpiegituren obren datuak faltsutzen ditu, gizarteari gezurra esateko
(2009/Urtarrila/30)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak gaur goizean adierazi duenez, “UPNko gobernuak, Tokiko Administrazioko kontseilari Amelia Salanuevaren bitartez, ezkutatu nahi du Estatuak gure udaletako inbertsioetan gobernua gainditu duela, nahiz eta horretara eskuduntzarik ez duen”.


Tokiko Administrazioan Nafarroa Baiko bozeramaileak uste duenez, “kontseilariak ematen dituen Transferentzien Funtsak Nafarroako udalerrietan sortuko dituen lanpostuen datuak manipulatuak daude, funts horrek egiten duen ekarpen txikia ezkutatzeko”.

Jimenezek gogoratu du kontseilariak atzo esan zuela 233 milioi euroko inbertsioarekin 15.500 lanpostu sortuko direla. Baina Nafarroa Baiko bozeramaileak azpimarratu du lau urtean egingo dela inbertsioa, eta beraz, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta lanpostuak sortzeko 60 milioi euro bakarrik erabiliko direla.

Zentzu horretan, koalizioko bozeramaileak ohartarazi duenez, “Salanuevak lau urtean sortuko diren lanpostuen batuketa egin du, eta ez du kontuan hartzen obra bat bukatzen denean lanpostu horiek galdu egingo direla eta horietan aritu diren langileak langabeziara joango direla”.

Txentxo Jimenezek gaineratu duenez, “Gobernuak eta kontseilariak berak udalek inbertsioak egiteko duten jarrera murriztailearen ondoan, atentzioa deitzen du gure udalek 107 milioi euro jasoko dituztela Estatutik eta 60 milioi bakarrik Nafarroako Gobernutik”.

Horregatik, Jimenezek uste du onartezina dela “107 milioi eurorekin 5.000 lanpostu sortuko direla horien ezarpenak lehenbailehen egingo den arren, eta aldi berean, Nafarroako gobernuak 2009an egingo duen 60 milioi euroko inbertsioarekin 15.500 lanpostu sortuko direla esatea”.

Nafarroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “kontseilariak lanpostuen sorreraz ematen dituen datuak faltsutu beharrean, bizi dugun egoera larriak eskatzen du lanpostuen sorreraren aldeko benetako apustua egitea eta udalak izan daitezela obra horien sustatzaileak eta protagonistak, obra sozialak garatuz edo eraikiz”. Beharbada Salanueva kontseilariak bere irudia garbitu behar du Estatuak bere inbertsioa gainditu duelako, nahiz eta horretarako eskuduntzarik ez izan. Baina irudia garbitu nahi badu hobe luke udalei baliabide gehiago ematea; adibidez, 2012 Nafarroako Plangintzaren bitartez, eta ez bideratu zati handiena azpiegitura lan handiei”.