Iruñeko Nafarroa Baiko zinegotziak Nagore Lafaggen amak deitutako elkarretaratzean izango dira
(2008/Urria/17)
   
 

Iruñeko Nafarroa Bai udal-taldeko hiru zinegotzi Irunen izango dira bihar, Nagore Lafaggen amak deitutako elkarretaratzean. Lafagge joan den uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanes Vizcayk Iruñean. Biktimaren amak, Asun Casasolak, bere alaberantzat “egia, justizia eta memoria” eskatzeko dei berezia egin dio gizarteari. Jose Antonio Samano Irungo alkateak bat egin du deialdiarekin, eta hiri horretako biztanleei, Gipuzkoa osokoei eta Iruñekoei ere luzatu die gonbidapena.


Dei horrekin bat eginez, eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko helburuarekin, Iruñeko Nafarroa Baiko zinegotziak eta koalizioko beste hautetsi batzuk bihar arratsaldeko 19:30ean “Zure hutsunea” lemapean egingo den elkarretaratzean izango dira, Nagoreren memoria aldarrikatzeko.


Koalizioak Iruñeko osatzen duen udal-taldeak hasieratik defenditu du Udala kasuan akusazio bezala agertu behar dela. Joan den irailaren 19ko udalbatzan Nafarroa Bairen mozioa onartu zuten, eta bertan zehaztu zen Iruñean gertatzen diren genero indarkeriako hilketa guztietan Udala akusazio gisa agertuko dela hemendik aurrera.