NaBaik salatu duenez, PSNren abstentzioaren ondorioz ez da sortuko ospitaleetako larrialdiak aztertzeko ponentzia
(2008/Iraila/29)
   
 
Koalizioko ordezkariaren hitzetan, “sozialistek UPNrekiko duten sumisioaren beste adibide bat da hau”. Fernandez de Garaialdek gaineratu duenez, “ponentzia oso garrantzitsua zen Nafarroako osasun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”.

Nafarroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “Lehen Arretaren funtzionamendu on batek larrialdietako artatze kopurua txikituko luke, eta horregatik garrantzitsua zen ponentzian larrialdien egoera zein den aztertzea, ondorioak Osasunerako Plangintza Estrategikora eramateko, eta ez alderantziz”.


Hari horretara, galdetu du ea Nafarroako Ospitalean larrialdietarako egingo duten eraikin berriak larrialdi zerbitzuak hobetuko dituen edo paziente gehiago egotea ekarriko duen, eta horrenbestez, osasun zerbitzu publikoak kostu ekonomiko handiagoari aurre egin behar izatea eta kalitate murrizketa.


Fernandez de Garaialdek gogora ekarri duenez, larrialdietarako eraikin berria eraikitzekoa “erabaki politikoa” izan zen, eta ez zen atera sektoreko adituekin bilerak egin ostean, nahiz eta Maria Kutzek kontrakoa esan duen. “Koalizioak ez du onartuko UPN eta CDNk Nafarroa Bairi egindako erasoen bitartez beren miseriak ezkutatzea, osasuna kudeatzeko duten ezintasuna ezkutatzea ezta osasun publikoan kaosa eragitea gero pribatizatzeko”. PSNri ere zuzendu zaio: “Mila aldiz esango dute erantzukizunez betetako politika egiten ari direla, baina benetako sumisioko politika egiten ari dira. Aitzakia bat baino ez dute erabili Osasun Batzordeko bozketan abstenitzeko”.


Fernandez de Garaialdek adierazi duenez, “PSNk bere boto-emaileei, eta baita bere kontzientziari, azaldu beharko die nola eman duten botoa beren irizpide politikoen kontrara, azkenean Gobernuaren besteko erantzukizuna izango dutelako haren kudeaketa txarrean”.