20 URTE LEGE TXARREAN

Gaur, 2006ko abenduaren 15ean, 20 urte bete dira Nafarroako Parlamentuak onetsi zuenetik Euskarari buruzko Legea. Baskuentzearen Legea, nahiago baduzue. Egun handia izaten ahal zen hura Nafarroako euskaldunendako. Lehen aldia zen, Nafarroak halako izena duenetik, euskarari ezagupen eta aitortza ofiziala ematen ziola. Euskaldunen itxaropena zapuzturik gelditu zen, ordea. Aitzinapen begi bistako batzuk bai, baina oro har, lege hankamotza eta zekena atera zen Parlamentutik, eta zonifikazio bat ezartzen zuen herritarrendako baztertzailea.

Ezaguna dugu azken bi hamarkadetako historia. Lehen urteetan, legearen aplikazioak egoera hainbat arlotan hobetzeko aukera eman zuen, guk nahi adina izan ez bazen ere. Izan ere lege horrek gaur egun zentzurik batere ez duten marrak marraztu zituen, barne muga batzuk, azken batez, 20 urte hauetan injustizia eta bidegabekeria sorrarazi dutenak.

Duela sei urtetik hona, berriz, euskararen aurkako politika nagusitu da lehenik UPNren eta gero UPN-CDNren gobernuetan. Euskara gure geografiaren eta gure gizartearen bazterretara zokoratzeko nahikeria alor guztietara eraman nahi izan dute Sanzek eta Barcinak, Corpasek eta Pegenautek. Zernahi egin dute beraiek amesten duten Nafarroa kolore bakarra hizkuntzaren eremuan ere nagusi zedin. Erabat lortu ez badute, euskaldun eta euskaltzaleen ahaleginari, irudimenari eta temari esker izan da. Aspaldi honetan hainbat kontutan atzera egin behar izan badute, etsi ez dugulako izan da, eta nafar gizartearen zati handi batek babesa eman digulako.

Alabaina guk ez dugu beti horrela ibili nahi. Euskaldun gisa, gure herrian etengabe erasotuak izan gabe bizitzeko tenorea dela uste dugu. Erdaldunek dutena baizik ez dugu nahi. Hizkuntzaz ere Nafarroaren izaera anitza bada, aniztasun horren isla izan behar dute legeriak eta erakundeek. Badakigu aldaketa ez dela egunetik arrats gertatuko. Baina horretarako urrats sendo eta eraginkorrak eginen dituen gobernua behar dugu. Orain. Ez etzi, edo etzidamu.

Euskara modu alderdikoian erabiltzea leporatu izan zaigu. Hala aurpegiratu digute, nork eta euskara bizi publikotik ezabatzera saiatu direnek. Hizkuntzen inguruan alderdikeriari haize ematen azkenak gara gu. Kontrara. Egin dezagun kontsentsua euskararen gainean. Finka ditzagun politika-lerro nagusi batzuk, gobernuz gobernu mantenduko liratekeenak. Eta finka dezagun, behin betikoz, zenbait printzipio ukiezin, hala nola berdintasuna, borondatezkotasuna eta jende guzti-guztien hizkuntza eskubideekiko begirunea. Horren ondorioa baizik ez litzateke bertzelako hizkuntza politika bat, behar bezainbat diruz hornitua, administrazioan, irakaskuntzan, gizarte bizitzan eta komunikabideetan eragiteko.

Nafarroan diren hizkuntz errealitate ezberdinen elkarrenganatzaile eta babesle izan behar du Legeak. Hizkuntz aniztasuna goiti doan balioa da Mendebaldeko gizarteetan. Euskara eta gaztelania, biak dira Nafarroako berezko hizkuntzak. Hala da. Eta hala denez, elkarren pare nahi ditugu biak. Lehen-lehenik Amejoramenduan, bien lege estatusa berdinduz. Eta bigarrenik Euskarari buruzko Legean. Izan ere, zerbait erakutsi badute 20 urte hauek hauxe da: lege berri bat behar dugula, gure eskubideak zainduko dituena. Orain ez bezala, Nafarroa Baik nahi duen Nafarroan denok baitugu lekua.

 

Manifestu honekin zure atxikimendua adierazi nahi baduzu, sakatu hemen