Nafarroa Baik 2004ko ekainaren 26an egin zuen Batzar Orokorrera bildu ziren kargu politiko, afiliatu eta zaleak 250 inguru izan ziren. Uxue Barkos diputatuak ordura arte eginiko lanaren berri ematea eta alderdien epe ertain eta luzerako itxaropenak ezagutzea ziren helburuak. Zalantzarik gabe, Nafarroa Bairen esperientziarekin kontent eta haren lanari bermea ematen segitzeko prest dauden hiritarrak asko direla egiaztatzeko balio izan zuen.

Hogei pertsona baino gehiagok eskatu zuen hitza nork bere balorazioa azaltzeko eta Nafarroa Baik hemendik aurrera izanen dituen funtzionamenduari eta lanari buruzko ekarpenak egiteko. Ez zen falta izan, esaterako, ateak beste zenbait talderi irekita uzteko iradokizuna, ezta NaBai Foru Komunitatearen esparru osoan ezagutarazteko eta sozializatzeko beharra ere. Martxoaren 14ko hauteskunde orokorretan lorturiko emaitzak ikusita, gehiengoarena izan zen bulkadan ez etsitzeko, ahaleginak biltzeko eta Nafarroa Bairekin batera politika egiteko hasiriko era berria hedatzen segitzeko asmoa.

Alderdien ordezkariek ere agertu zituzten beren balorazioak. Txentxo Jiménezek (Aralar) “egiten ahal dugun guztia eginen dugu koalizio honek aurrera segi dezan” adierazi zuen eta “UPN Gobernutik kanpora dezakegu, eta ez bigarren mailakoak izanik: handinahikoak izan behar dugu NaBai Nafarroako benetako alternatiba delako” iragarri zuen. EAren ordezkari Ramírez gizarte nafarra aldaketa politikoan inplikatzearen alde mintzatu zen eta "Nafarroa Bai Nafarroako aldaketa politikoaren funtsezko gakoa da" azpimarratu zuen. José Antonio Urbiolak ez zuen koalizioaren jarraipena zalantzan jarri eta EAJ/PNVren konpromiso tinkoa eman zuen aditzera, “lanean orain arte bezala segitzea, Nafarroa Bai Nafarroako hurrengo Gobernuan presente izate aldera”. Eta Urrak (Batzarre), NaBaik ordezkatzen dituen jendeen aniztasunaz gain, “hemen ez dira Nafarroa aldatu nahi duten guztiak, baina bai hori egiteko asmorik sendoena dugunok” nabarmendu zuen.